Hasiera » Berriak

Berriak

2014/02/25
facebook twitter  rss
Gobernu Kontseiluak gaur astearteko bileran erabaki duenez, Eusko Jaurlaritzak helegite bana jarriko du Konstituzio Auzitegian LOMCEren, Merkatu Batasuna Bermatzeko Legearen eta Ingurumen Ebaluazio Legearen aurka konstituzioaren kontrakoak direla argudiatuz. Erabakia legeok, hurrenez hurren, hezkuntzako, ekonomiako eta hezkuntzako «euskal eskumenak inbaditzen» dituztelako hartu du.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak komunikabideen aurrean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak LOMCEren 19 artikuluren aurkako helegitea jarriko du «eskumenen arloan izandako esku hartzea» eta «hezkuntzaren oinarrizko eskubide galera» direla eta. Zehatz-mehatz irakasgaien edukietan, ikaskuntzaren ebaluazioan, Lanbide Heziketara sarbidean eta Eskola Kontseiluari emandako pisuan jarri du arreta Uriartek. Sailburuak azaldu duenez, LOMCE legea bete beharra izango duten arren, «jadanik ez dago berau hurrengo ikasturterako indarrean jartzeko astirik».

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Ebaluazio Legearen eta Merkatu Batasuna Bermatzeko Legearen aurkako helegiteak ere jarriko ditu Auzitegi Konstituzionalean. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, lehenengoa zehatzegia da, eta, ondorioz, «ingurumen eta ekologia arloko euskal tarte arautzailea agortzen du». Merkatu Batasuna Bermatzeko Legeari dagokionez, Erkorekak bateratzea ez dela berdintzea gogoratu eta Espainiako Gobernuaren eskumen inbasioa salatu du. Eusko Jaurlaritzaren ustez, lege horrek arlo ekonomikoan «babesgabetasuna» sortzen du eta enpresen deslokalizazioa ere ekar dezake.

ETAk iragan ostiralean egindako iragarpena ere hizpide izan du Erkorekak, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen eginkizuna aztertuz. ETAren iragarpenari dagokionean, Eusko Jaurlaritzak auzia «kuantitatiboa baino kualitatiboa» dela uste du. Izan ere, Erkorekak nabarmendu duenez, ETA desarmea estatu frantses eta espainiarrekin egin beharreko negoziazio baten mende jartzetik, unilateralki eta baldintzarik gabe onartzera igaro da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ETAri «lehenbailehen» desarmatzea eta «azkenera arte» urratsak ematea eskatu dio, hau da, behin betiko disolbatu eta egindako min bidegabea aitortzea.

Erkorekak azaldu duenez, Urkullu lehendakaria egiaztatzaileei sostengua emateko Madrilen izan baldin bada asteburuan, munduan izandako antzeko bake prozesuetan «aurrekaririk ez duen esku hartze judiziala» jasan behar izan dutelako izan da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak lanean jarraituko duen esperantza duela nabarmendu du bozeramaileak. Hori bai, Erkorekak azpimarratu duenez, bake prozesuak «erakundeen konpromisoa» beharrezkoa du aurrera egiteko.

Iturria eta argazkia: Irekia

Idatzi ohar bat

Pribatutasun politika

EAJ alderdiak formulario honen bidez sartutako datu guztien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen du eta hori guztiori, Datuen Babesari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.Nahi izanez gero, Legean agertzen den sarbide, zuzenketa eta deusestapen eskubideak erabil ditzakezu, mezu bat hona zuzenduz: internet@eaj-pnv.eu